Assembly (Cybernetics of the Poor)

Agency

1992-

001745 kasua (The Three Stooges)

1922 eta 1970 bitartean, The Three Stooges slapstick komediante estatubatuarren talde bat izan zen, eta vaudeville antzokietan, zineman eta telebistan aritu ziren. Taldeko kideak, sarritan, Depresio Handiko AEBko klase-zatiketak eta zailtasun ekonomikoak kontatzen zituzten antiheroien gisara jokatzen zuten. Pertsonaia nagusiak Larry, Moe eta Curly ziren. 1958tik aurrera, askotan eman dituzte telebistan hirukote komikoak Columbia Pictures enpresarentzat egin zituen 190 film laburrak. Comedy III Productions da The Three Stooges talde komiko desagertuaren eskubide guztien erregistroko jabea. Taldeko azken ordezko aktorea 1998an hil zen.1988an, Gary Saderup izeneko Kaliforniako aktore eta artistak taldeko aktoreen ikatz-marrazki bat egin zuen, eta The Three Stooges izena jarri zion. Saderup Inc izeneko konpainia bat zuen, eta enpresa hori ikatz-marrazkian oinarritutako litografiak eta kamisetak saltzen hasi zen. Saderupek 1975etik zeraman pertsona ospetsuen ikatz-marrazkiak egiten horien jarraitzaileentzat. Marrazki horiek sarritan kopiatzen zituen grabatu edo kamisetetan, litografia edo serigrafia bidez. Saderup Inc konpainiak litografiak eta serigrafiak saltzen ditu.Comedy III Productionsek salaketa bat jarri zion Gary Saderupi, kalte-ordainak eta kautelazko neurriak eskatuz, Kaliforniako publizitate-eskubideei buruzko araudiaren 990. artikuluaren urraketagatik. 1998ko abenduaren 15ean, Comedy III Productions k. Gary Saderup and Saderup Inc. kontra jarritako helegitearen epaiketa egin zen Kaliforniako Epaitegi Gorenean (Los Angeleseko Konderrian). Carl West epaileak kalte-ordainak eta kautelazko neurriak ebatzi zituen Comedy III Productionsen alde. Ahozko erabakian, epaitegiak adierazi zuen Saderupen ekintzak ez zeudela adierazpen-askatasunaren babespean, eta behin betiko agindu bat eman zuen Saderupi The Three Stooges taldeko kideen irudia erabiliz publizitate-eskubideak urratzea debekatzeko, dela litografietan, kamisetetan edo Gary Saderupen artea saltzeko edo merkaturatzeko erabil daitekeen beste edozein bitartekotan. Debeku zabal horren salbuespen bakarra Saderupen jatorrizko ikatz-marrazkia zen, ondorengo kopiak egiteko erabili zena. Saderupek helegitea aurkeztu zuen. Helegite horren Comedy III Productions c. Gary Saderup and Saderup Inc. epaiketa 1999ko martxoaren 17an egin zen Kaliforniako bigarren barrutiko Apelazioetarako Epaitegian. Fukuto epaileak honako hau adierazi zuen:

1. 990. artikulua. Kasu honen muina publizitate-eskubidea da, zeinaren barruan sartzen baitira norberaren izena eta irudi publikoa komertzialki ustiatzeko eskubidea eta beste batzuei komertzialki horietaz jabetzeko edo ustiatzeko aukera murrizteko eskubidea. [...] 1984an, botere legegileak, 990. artikulua onartuta, publizitate-eskubidearen babespean ipini zituen «hildako pertsona ospetsuen» oinordeko eta lagapen-hartzaileak ere. [...] 2. Araudiarekin lotutako aferak. [...] Comedy III Productions da The Three Stooges taldeko kideen (zeinak dagoeneko hilda baitaude) eskubideen oinordeko erregistratua, eta Saderupek pertsonaia horien irudia erabili zuen litografia eta kamisetetan Comedy III Productionsen baimenik gabe. [...] Saderupen kamisetak, The Three Stooges taldearen irudiekin apainduak, zalantzarik gabe daude 990. artikuluaren a) letraren eraginpean. Letra horretan «produktu, salgai edo ondasun»en aipamen lausoa egiten da. Gauza bera gertatzen da kopia litografikoekin. [...] Saderupek alegatu zuen The Three Stooges taldeko kideen irudien erabilerak ez duela 990. artikulua urratzen n) 2 azpiatalean jasotakoaren arabera, han esaten baita araudia ez zaiela aplikatuko hildako pertsonaien izenari, irudiari eta abarri «material politikoetan edo interes publikoa dutenetan». [...] Azpiatal horrek izen eta irudien erabileraren salbuespenak ezartzen ditu intereseko materialetarako, baina ez da intereseko pertsonaien irudiak erabiltzeko eskubide mugagabe bat. [...] 3. Adierazpen-askatasunaren afera. Saderupek alegatu du The Three Stooges taldeko kideen irudien erabilera adierazpide bat dela [...]. [...] Esku artean dugun kasuan, inork ez du ez auzitan jarri ez frogatu Saderupek inolako mezurik zabaldu edo saldu nahi zuenik bere kamiseten edo litografien bidez. [...] Saderupek alegatu du, ordea, The Three Stooges taldeko kideen irudiaren marrazkiak, Saderupen ikatz-marrazkian oinarritutakoak, adierazpen-askatasunaren babespean geratzen direla, artea diren heinean. [...] Saderupen kamisetak eta litografiak marrazki baten erreprodukzioa direlako legez artea direla ebatziko bagenu, horren funtsezko ondorioa izango litzateke adierazpen-askatasunak ia edozein irudiren erreprodukzioa babestuko lukeela 990. artikuluan xedatutakoa aplikatzetik. [...] Saderupek ez du frogatu, eta guk ezin dugu ondorioztatu, jabetze komertziala babestutako adierazpide bat denik. [...] 4. Debeku-agindua. Saderupen azken alegazioa da Comedy III Productionsek ez zuela frogatu debekutik eskatzeko nahikoa eskubide duenik, eta epaian ezarritako debeku-agindua gehiegizkoa dela. Ados gaude alegazio horrekin. [...] Hortaz, epaia aldatuko dugu debeku-agindua indargabetzeko.

Epaitegiak erabaki zuen litografiak eta kamiseta serigrafiatuak ez zeudela adierazpen-askatasunaren babespean, erreprodukzioak zirelako. Saderupek erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen. 2001eko apirilaren 30ean, Comedy III Productions k. Gary Saderup and Saderup Inc. aurkeztutako helegite horren epaiketa egin zen Kaliforniako Epaitegi Gorenean. Mosk epaileak epaian jaso zuenez:

Kaliforniako araudi batek publizitate-eskubidea ematen die hildako pertsona ospetsuen oinordeko jakin batzuei. [...] Estatu Batuetako Konstituzioak oinarrizko zenbait eskubide mugatzeko debekua ezartzen die estatuei, tartean adierazpen-askatasuna. Auzigai honetan bi ebazpen horien arteko gatazka dago. [...] Erreprodukzioak ere adierazpen-askatasunaren babespean geratzen dira. Auzia ebazteko, adierazpen-askatasuna edo publizitate-eskubidea gailentzen den erabakitzeko analisi bat gauzatu behar da. Horren bidez ikusiko dugu dena delako lanak nahikoa sormenezko elementu gehigarri ote dituen, pertsona ospetsu baten irudi edo imitaziotik haratago doan zerbait bihurtzeraino. Ariketa hori aplikatuta, esku artean dugun kasuan, ondorioztatzen dugu ez dituela sormenezko elementu horiek eta, ondorioz, publizitate-eskubidea gailentzen dela.

Epaitegi Gorenak Apelazioetarako Epaitegiaren erabakia berretsi zuen, baina beste argudio batzuk erabilita. Ebatzi zuen Saderupen lanaren izaera eraldatzailea ez zela nahikoa adierazpen-askatasunaren babespean geratzeko.